XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ez dakit, euskaldunok, beste behin, honetaz ere, Herri berezia izango garen ala ez, baina historian zehar jazo dena kontutan hartzen baldin badugu, gure euskalkiek luzerorako bizitza dute.

Europan bertan ere, nahiz eta hizkuntza standarrak izan, hor jarraitzen du zenbait dialektok bizirik eta indartsu lurralde zabaletan.

Estatu zentralistek, eginahalak egin arren, ezin izan dituzte desagertu.

Gainera, hemen ezin konpara daiteke euskaldunok euskara batua egiterakoan daramagun prozesua eta zenbait estatu zentralistek hizkuntza bakarra ezartzean eraman izan dutena.

Gure artean inolazko inposaketarik gabe, Euskaltzaindiaren gidaritzapean eginaz doan bitartean, halako estatutan indar zentralistek, gehienetan, goitik behera, indarrez ezarri izan dute estatuko hizkuntza standarra.

Hori dela eta hizkuntza estatala, zentralista, zapaltzaile eta berezitasun guztien aurkako agertuko da.

Horrek hizkuntza desberdinen kontzientzia sortu izan du herritarrengan.

Hori dela eta zenbait estatutan dialektoa, zentralismoaren kontrako zerbait bezala begiratua izan ohi da.

Euskaldunok, ostera, nahiz eta euskalkietan mintzatu, denok geure buruak euskalduntzat ditugu.

Hizkuntza bakarraren kontzientzia sakona daramagu erraietan eta elkarren arteko harremanetarako ditugun oztopoak gainditzeko gogo bizia.

Denok elkarrekin ongi eta erraz ulertzeko hizkuntza standarraren premia ikusten dugu.

Hala ere euskalkiek bizirik iraungo dute.

Nahiz eta ikastoletan euskara batua irakatsi, nahiz eta Komunikabideetan ere batua erabili, gure umeek eta gazteek etxean beti eguneroko harremanetan euskalkia erabiltzen baldin badute, ez dute lekuko euskalkirik galduko.

Euskara batua eta euskalkiak biak erabiliko dituzte inolako eragozpenik gabe, guk, geuk beti zuka eta hika, aditz jokoak (batuaren arazoa aditzean dago) ongi bereizturik, erabili izan ditugun bezala.

Horrek ez digu, nik dakidala behintzat, gure mintzaketan inolazko nahasterik sortu.

Honen frogagarri edo, Abadinon izan nintzanean jasotako zerbait adieraziko dizuet.

Ama nafar batekin hitz egiteko era izan nuen.

Berak aitortu zigunez, nahiz eta gurasoek etxean umeei beti nafarteraz hitz egin, umeek herriko euskaraz mintzatzen omen zaizkie, eta zenbait gauza gaizki erabiltzen dituztela esan ere bai.

Hala ere etxean euskara utsean oso ongi konpontzen omen dira.